INGURUNE Arloa
Irakasleentzako gida
AurkezpenaOrientabideakOrientabideakOrientabideakProgramazioaProgramazioaProgramazioaProgramazioaOinarriakOinarriakOinarriakOinarriakOinarriakOinarriak
1 de 14
0%
Aurkibidea
Kredituak
Kredituak
© Itinerarium 2011

ZUZENDARITZA: Narcís Vives
KOLABORATZAILEAK:

  • PRODUKZIO-ZUZENDARITZA: Antonio Cara
  • EDUKI-ZUZENDARITZA: Mª Cristina Pérez eta Magdalena Garzón
  • INGURUNEAREN EZAGUERA ARLOAREN KOORDINAZIOA: Elena Anguera
  • ZUZENDARITZA TEKNIKOA: Maite Vílchez
  • EGILEA: Albert Barnils Castany
  • GAZTELERAZKO BERTSIOAREN ESTILO-ZUZENKETA: Anna Betriu eta Joan Martín
  • EUSKARARA ITZULPENA: Bakun itzulpen eta argitalpen zerbitzuak, s.l.
  • MAKETAZIOA: Maite Vílchez eta Miquel Gordillo

Aurkezpena

PROPOSAMENA TESTUINGURUAN KOKATZEA

Aldez aurreko ezagutza testuinguruan kokatzeko zenbait galdera egingo ditugu, eta horietan oinarrituta, ikasleak atal honetako gaiari buruzko eduki berria ikasten joango dira.

Sarrerako bideoan ikusiko dugu zer bilakaera izan duen Lurrak, Pangea izeneko kontinente bakarra zegoenetik gaur egungo kontinente eta ozeanoak eratu arte.

Era berean, ikasleek itsasoen eta ozeanoen arteko berdintasunak eta desberdintasunak aztertuko dituzte.

Ondoren, Europaren inguruan zer itsaso eta ozeano dauden ikusiko dute, eta azkenik, Iberiar penintsularen inguruan daudenak.

Sekuentziaren amaieran, gai honi buruz hausnartuko dute: itsasoen eta ozeanoen mailak gora egitearen ondorioz kontinenteak urpean geldi daitezke.

Iturria: http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/8/8e/Pangea_animation_03.gif

Jardueren segida

A etapa. Sarrera.
1. jarduera. Lurra.

B etapa. Garapena.
2. jarduera. Europa.

C etapa. Bukaera eta ebaluazioa.
3. jarduera. Itsasoak zaintzea.

  • Arloa: Ingurunearen ezaguera
  • Gaia: Kontinenteak, itsasoak eta ozeanoak
  • Unitate didaktikoa: Lurra, kontinenteak, itsasoak eta ozeanoak
  • Maila: Lehen Hezkuntzako 5. maila
  • Saio kopurua: 6

Ibilbidea

Gida honek atal hauek ditu:

Orientabideak

Orientabide metodologikoak

1. jarduera. Lurra (2 saio)

Atal honetan, ikasleek Lurreko kontinenteen eta ozeanoen izenak ikasiko dituzte, eta itsasoen eta ozeanoen artean zer desberdintasun dauden aztertuko dute.

Jarduera honetan bereziki garrantzitsua izango da ikasleen aurretiko ezagutzak garatzea; horrenbestez, komeni da saioaren zati bat jardueraren hasierako galderei buruz hitz egiteko erabiltzea.

Hasierako galderei erantzuteko, kontinenteen eraketari buruzko irudi bat jarri dugu. Irudi hori baliagarria izan daiteke, jarduera honetako hasierako bideoan jorratzen diren kontzeptuak finkatzeko.

Galdera hauek egin dira:

  • Urak alda al dezake paisaia? Galdera horretan oinarrituta, aurreko ikasturteetan paisaiaren aldaketei buruz ikasitako ezagutza landuko dugu, eta kasu honetan, historian zehar itsasertzak eta kontinenteak nola aldatu diren aztertuko dugu.
  • Zuen ustez, gure bizilekua beti berdin-berdina izan al da? Lurrak alda al dezake bere forma? Zuen ustez, Lurrak aldatu al du bere forma historian zehar? Galdera horien harira, ikasleek hainbat hipotesi egingo dituzte, gero, sekuentzian aurrera egin ahala, hipotesi horiek egiaztatzeko.
  • Nola sailkatzen dira gaur egun gure planetako urak eta lur-masak? Galdera horren helburua da ikustea zer aurretiko ezagutza duten ikasleek.
  • Sekuentzia didaktikoa noiz landuko den arabera, agian aldi berean Ingurunearen Ezagutzako historia arloan Lur laua kontzeptua landuko dute (Erdi Arora arte, zientzialariek uste zuten Lurra laua zela). Halaxe izanez gero, galdera hau egin diezaiekegu ikasleei: zuen ustez, gizon-emakumeek beti jakin izan al dute nolakoa den Lurra?

Komeni da guztion artean sekuentzia egiteko ikaskuntza-ibilbide bat zehaztea. Horretarako, gelan hiru gune bereiziko ditugu: "Zer zekigun lehen?", "Zer ari gara ikasten?" eta "Zer ikasi dugu?".

Sekuentziako fase bakoitzean, sarrerako galderei buruz hitz egin ondoren sortutako ideiak idatziko ditugu ADEan. Ondoren, inprimatu eta dagokion gunean jarriko ditugu.

Jarduera honetako lehen zatian, kontinenteen eta ozeanoen eraketari buruzko bideoa ikusiko dugu. Bukatzean, garrantzitsua izango da ikasleek esatea zer gogoratzen duten eta, ideia horiek arbel digital elkarreragilean idazten joatea. Horrela, argi geratu ez diren alderdiak landuko baititugu. Ondorioz, ikasleak ohartuko dira Lurra aldatzen doala denbora zehar (nahi izanez gero, gai hori luza dezakegu, azken jarduera egiteko baliagarria baita). Jasotako datuak inprimatu eta "Zer ari gara ikasten?" gunean jarriko ditugu.

Bigarren zatian, ordea, Lurreko kontinenteen eta ozeanoen izenak aurkeztuko ditugu. Sekuentzian erakutsitako sailkapen hori da zientzialari gehienek onartzen dutena; nolanahi ere, sekuentzia didaktiko honetako aurkezpeneko irudia erabiliko dugu, ikasleei erakusteko badirela egungo kontinenteak banatzeko beste era batzuk proposatzen dituzten adituak ere. Era berean, historian zehar zientziako kontzeptuen aldaketei buruz hausnartzeko ere baliatuko dugu aurkezpen hori. Ondoren, kontinenteak eta ozeanoak aztertzeko jarduera egingo dugu. Garrantzitsua izango da jarduera hori hainbatetan lantzea, izenak ongi ikasteko. Horretarako, lehenbizi guztion artean egingo dugu, eta gero, talde txikitan. Ongi ikasi eta gero, taldeen arteko txapelketa moduko bat antola dezakegu.

Hirugarren zatian, ozeanoen eta itsasoen arteko berdintasunak eta desberdintasunak aztertuko ditugu. Ikasle bakoitzak fitxategi bat deskargatuko du. Fitxategi horretan, jarduera hori egiteko taula dago. Hiru web-orri proposatu ditugu, jarduera egiteko behar dugun informazioa bilatzeko: Harluxet hiztegi entziklopedikoa, Wikipedia eta Kalipedia. Bilaketa egitean, garrantzitsua da ikasleak zaintzea, web-orri horietan nabigatzen eta informazioa bilatzen dakiten ikusteko, bai eta informazio hori azkar bilatzeko eta ideia nagusiak ateratzeko gai diren ikusteko ere.

Begiratu amaierako ebaluazioan; atal honetan dago: Ebaluazio-irizpideak.

1. jarduera

2. jarduera. Europa (saio bat)

Jarduera hau aurreko jardueran oinarritzen da. Lehen zatian, ikasleek Europako itsasertzak bustitzen dituzten itsasoen eta ozeanoen izenak aurkitu dituzte. Eta proposatutako lehen jardueran, itsaso eta ozeano horiek bere lekuan jarri behar dituzte. Horretarako, informazioa GoogleMaps-en bilatuko dute.

Bigarren zatian, berriz, Espainiako itsasertzak bustitzen dituzten itsasoak eta ozeanoak aztertuko ditugu. Prozedura berbera egingo dugu: mapan, izenak beren lekutara arrastatuko dituzte. Komeni da fitxategi hori inprimatzea, gero buruz ikasteko.

Era berean, zenbait fitxategi aukeratuko ditugu, "Zer ari gara ikasten?" gunean jartzeko.

Jardueraren hasieran, zenbait galdera ageri dira, eta lagungarriak izango zaizkigu saioari ekiteko eta ikasleen aurretiko ezagutzei buruz mintzatzeko. Ba al dakizue zein kontinentetan dagoen Euskadi? Eta zer itsaso eta ozeano dauden kontinente horren inguruan? Eta Euskadiren inguruan? Zer itsaso edo ozeanok bustitzen dituzte Euskadiko kostako 250 kilometroak?

Jarduera honen amaieran, zenbait galdera daude, orain arte egindakoa berrikusteko. Halaber, galdera horiek balia ditzakegu, 3. jarduera egiten hasi baino lehen berrikusteko.

2. jarduera

3. jarduera. Itsasoak zaintzea (hiru saio)

Jarduera honetan, berotze globalaren ondorioz itsasoetan eta ozeanoetan gertatzen diren aldaketei buruz hausnartuko dugu, bai eta ondorio horiek murrizte aldera har daitezkeen neurriei buruz ere.

Sekuentzian, ikasleek ikusi dute Lurra milioika urteetan aldatu egin dela. Gaur egun, ordea, urtero-urtero ikus dezakegu itsas maila igotzen ari dela, berotze globalaren ondorioz. Horrek zera eragingo du: denbora-tarte laburrean, neurririk hartu ezean, irla ugari desagertuko direla, itsasertzeko lerroak aldatu, baita itsaslasterrak ere...

Hasteko, galdera hauei erantzungo diegu, ikasleen aurretiko ezagutza zein den jakiteko:

  • Zuen ustez, itsasoek estaliko al dituzte noizbait kontinenteak? Zergatik uste duzue jarduten dutela arlo horretako profesionalek horri buruz hausnartzen? Itsasoak arriskuan al daude? Zerbait egin al dezakegu itsasoak zaintzeko? Galdera horien bidez, ikasleek hipotesiak egingo dituzte. Haiek adierazitako ideiak arbel digital elkarreragilean jasoko ditugu, inprimatu eta "Zer zekigun lehen?" gunean jarri.

Ondoren, horma-irudi bat egiteko proposatuko diegu, Glogster aplikazioa erabiliz (http://edu.glogster.com/). Tutorial hau Irakasleentzako_Glogster_tutoriala.pdf] kontu bat sortzen laguntzeko erabilgarria da, bai eta ikasleei aukera emateko aplikazio horretan sartzeko ere. Horma-irudi hori egiteko, sekuentzian proposatutako web-orriak baliatuko dituzte. Hiru atal hauek izan behar ditu:

  • Izenburua (Itsasoen berotzea)
  • Arazoak
  • Konponbideak

Horma-irudia taldeka egingo dute. Taldeko lana eraginkorra izan dadin, proposatu ikasleei bakoitzak eginkizun baten ardura hartzea.

  • Kazetaria: Interneten informazioa bilatu eta irakurriko du. Sekuentzian hiru web-orri proposatu ditugu, informazio hori bilatzeko.
  • Idazkaria: informazio garrantzitsua idatziko du (orri batean edo testu-editore batean).
  • Editorea: horma-irudia Glogsterrean egingo du.
  • Bozeramailea: egindako lana gelakideei aurkeztuko die.

Komeni da guztion artean hausnartzea zeinen garrantzitsua den bakoitzak bere zeregina ahalik eta hoberen egitea, talde osoak bere helburua lor dezan. Halaber, ezinbestekoa izango da azaltzea zeinen garrantzitsua den besteen lana ez oztopatzea; alegia, elkarri lagundu eta aholkuak eman arren, ez dugu bestearen lana egingo. Komeni da azaltzea, era berean, elkarri lagundu behar dietela, eta ez dutela besteen lana egin behar. Azkenik, emaitza taldeko kide bakar batek aurkeztu arren, garrantzitsua da taldekide guztiek parte hartzea, ahozko aurkezpena prestatzeko. Era berean, ideia hau adieraziko diegu ikasleei: lanaren emaitza, taldekide bakoitzaren zereginen ondorio baino, taldeko elkarlanaren ondorio dela.

Kontu handiz ibiliko gara Interneten sartzen ditugun datu pertsonalekin. Hori dela eta, Glogsterra erabiltzen hasi baino lehen, argi eta garbi azalduko diegu ea posible den datu pertsonalak horma-irudietan jartzea edo ez (hori ikastetxearen politikaren araberakoa baita). Halaber, komeni da ikasle bakoitzak talde guztien web-orrien helbide guztiak izatea. Helbide horiek gelaren blogean, ikastetxearen webgunean eta horrelakoetan jarriko ditugu.

Era berean, zera azalduko diegu ikasleei: egindako lana Interneten egongo da, eta edonork izango duela ikusteko aukera. Oso garrantzitsua da, beraz, lan ona egitea (zaindu aurkezpena eta ortografia), eta horrenbestez, Internet bidez ezagutza zabaltzeko parte hartzea. Hori dela eta, ikasleek egingo dutena legezkoa behar du izan, ezin dute informazioa zuzenean beste webguneren batetik kopiatu, erreferentziarik aipatu ezean (informazioa molda dezakete), eta irudiren bat erabiliz gero, lizentzia askeko irudi-bankuren batetik atera beharko dute, edo nondik hartu duten adierazi…

Jarduera honen hasieran, Euskadiko itsasertzeko itsas maila igo dela erakusten duen bideo bat dago. Amaierako irudiak erakusten du nola geldituko litzatekeen Kantauri itsasoa urak 14 metro igoko balira. Bideo horren bidez, ikasleek arazoa gertutik ikusiko dute, itsasertz horretatik gertu bizi baitira. Bideoa Glogsterra egiteko oinarritzat erabiliko dugu, edo bestela, aurkezpenak egin ondoren, amaierako hausnarketa gisa.

Aurkezpenak egin bitartean, ikasle bakoitzak dokumentu bat izango du eskuartean, ikaskideek egindako posterrak ebaluatzeko.

Jarduera amaitu ostean, sekuentzia osoan zehar ikasitakoak arbel digital elkarreragilean jasoko ditugu. Jarduera honetako lana inprimatu eta "Zer ikasi dugu?" gunean jarriko dugu. Komeni da orri hori ikasleei ematea, paperean zein gelako blogaren bidez, posta elektroniko bidez…, ikaskideekin egindako guztia finkatzeko eta berriro irakurtzeko baliagarria izango baitzaie.

Azkenik, hamar galderako test bat egingo dute, egindako lanaren laburpen gisa, ikasle bakoitzak autoebaluazioa egin dezan.

3. jarduera

Orientabideak

Erantzunak

1. jarduera. Lurra (bi saio)

Erantzunak idazteko modua berbera ez izan arren, hauek dira aipatu behar dituzten ideia nagusiak:

ITSASOA

OZEANOA

Ur gaziaren zabalera

Txikia

Oso handia

Sailkapena

Hiru itsaso mota daude: itsasertzeko itsasoak (kostakoak), kontinenteetako itsasoak eta barnealdeko itsasoak (itsaso itxiak).

Ozeanoak hiru talde nagusitan sailkatzen dira: Atlantikoa, Indiakoa eta Barea; eta beste bi ozeano txiki: Artikoa eta Antartikoa, kontinenteen eta artxipelagoen formak mugatuak.

Europako itsasoak eta ozeanoak

Tirreniar itsasoa. Liguriako itsasoa. Itsaso Adriatikoa. Itsaso Jonikoa. Egeo itsasoa. Alborango itsasoa. Itsaso Baltikoa. Ipar itsasoa. Frisiako itsasoa. Mantxako kanala. Irlandako itsasoa. Itsaso zelta. Kantauriar itsasoa. Mediterraneo itsasoa. Barentseko itsasoa. Itsaso Zuria. Itsaso Beltza. Marmara itsasoa. Azov itsasoa.

Ozeano Artikoa

Ozeano Atlantikoa

Taulan aipatu ez arren, itsasoek eta ozeanoek faunan eta floran zer-nolako eragina duten adieraz dezakegu. Izan ere, itsaso eta ozeanoetako fauna eta flora desberdinak dira, tenperaturaren, gazitasunaren eta uren mugimenduaren araberakoak baitira.

2. jarduera. Europa (saio bat)

Jarduera hauek itxiak dira; beraz, ikasleen fitxategiek horrela egon behar dute:

3. jarduera. Itsasoak zaintzea (hiru saio)

Jarduera honen erantzunak irekiak izan arren, helburua da talde guztiek Glogster bidez egingo duten posterrean informazio hau jasotzea:

Arazoak:

  • Itsaslasterrak aldatzea.
  • Itsas maila igotzea. Itsasertzeko eremuak urpean gelditzea.
  • Animaliak eta landareak arriskuan egotea.
  • Klima aldatzea.

Konponbideak:

  • CO2-a murriztea: garraio publikoa erabili; behar ez ditugun argiak itzaliz; ateak eta leihoak ixtea, berogailua piztuta badago; zuhaitzak eta zuhaixkak landatzea…
  • Hainbat plan abian jartzea: ur gaineko etxeak eraikitzea, ura ez igotzeko barrerak jartzea...

Web honetan, eredu bat ikus dezakezu: http://barni700.glogster.com/calentamiento-mar-cambio-climatico/

Hauek dira amaierako autoebaluazioko galderak:

Beti kontinente berberak egon al dira Lurrean?

  • Bai

Ikasitakoaren arabera, zenbat kontinente daude Lurrean?

  • 6

Zein kontinentetan dago Euskadi?

  • Europan

Ikasitakoaren arabera, zenbat ozeano daude Lurrean?

  • 5

Zer ozeanok bustitzen ditu Europako itsasertzak?

  • Ozeano Atlantikoak

  • Ozeano Glaziar Artikoak

Zer ozeanok bustitzen ditu Espainiako itsasertzak?

  • Ozeano Atlantikoak

Zer itsasok bustitzen ditu Espainiako itsasertzak?

  • Kantauriar itsasoak
  • Alborango itsasoak
  • Mediterraneo itsasoak

Zer itsasok bustitzen ditu Euskadiko itsasertzak?

  • Kantauriar itsasoak

Zer gertatuko zaie itsasoei, gehiegi berotzen badira?

  • Itsaslasterrak aldatuko dira.
  • Itsasoko animaliak eta landareak arriskuan egongo dira.
  • Itsas maila igoko da, eta itsasertzeko eremuak urpean geldituko dira.

Zer egin dezakegu itsasoen tenperatura ez areagotzeko?

  • Gas kutsagarriak murriztea; esaterako, CO2-a.

Orientabideak

Baliabideak

2.0 programa edo web-zerbitzua
ADE (edo proiektagailua eta ordenagailua)
Web-erreferentziak
Bideoak edo animazioak

Programazioa

OINARRIZKO GAITASUNAK ETA ARLOAREN BERARIAZKO GAITASUNAK

ZIENTZIA-, TEKNOLOGIA- ETA OSASUN-KULTURARAKO GAITASUNA

  • Klima-aldaketaren eragina aztertzea eta ulertzea, itsasoen eta ozeanoen mailan, ondorioak aurreikusteko eta pertsonen eta gainerako izaki bizidunen bizi-baldintzen babesa hobetzen saiatzeko
  • Pertsonen jarduerak paisaian duen eraginaren jakitun izatea, bai eta garapena gizaki ororen mesedetan izatearen, naturako baliabideak eta aniztasuna babestearen, eta solidaritate globalari eta belaunaldien artekoari eustearen garrantziarena ere
  • Arazoak identifikatzea eta frogetan oinarritutako ondorioak ateratzea, mundu fisikoa eta giza jarduerek ingurumenean, osasunean eta pertsonen bizi-kalitatean duten eragina ulertzeko eta horiei lotutako erabakiak hartzeko
  • Kontinenteen jitoaren teoria ulertzea, azterketa sistematikoen eta ikerketa zientifikoaren berariazko prozesuak eta jarrerak praktikan jartzeko

IKASTEN IKASTEKO GAITASUNA

  • Zenbait euskarri digitaletan informazioa bilatzea, eraginkortasunez eta autonomiaz eskuratzeko eta sintetizatzeko
  • Informazioa kudeatzeko estrategia eraginkorrak erabiltzea
  • Motibatuta eta ikasteko gogoz lan egitea
  • Ordenagailuz egin beharreko jardueretan erabili beharreko denbora behar bezala kudeatzea
  • Norberarengan gero eta konfiantza handiagoa izatea proposatutako jarduerak egiteko
  • Sortutako zailtasun txikiei konponbideak aurkitzea
  • Talde-lanean kontzentrazioari eustea
  • Arazo bati buruzko galderak egitea eta erantzun posibleak identifikatzea, hainbat estrategia erabiliz erabakiak hartzeko, eskura duten informazioarekin, arrazoia eta zentzu kritikoa baliatuz
  • Informazioa eskuratzea eta norberaren ezagutza bihurtzea, informazio berria aurrez dakitenarekin eta norberaren esperientziekin lotuz eta integratuz, eta ezagutza eta ahalmen berriak antzeko egoeratan eta askotariko testuingurutan aplikatuz
  • Nork bere burua ebaluatzea eta erregulatzea, ardura eta konpromisoa erakustea, ahaleginak kudeatzen jakitea, akatsak onartzea, eta gainerakoekin eta gainerakoengandik ikastea

HIZKUNTZA-KOMUNIKAZIORAKO GAITASUNA

  • Hizkuntza behar bezala erabiltzea, ahozko nahiz idatzizko komunikazioetan
  • Entzutea, azaltzea, elkarrizketan aritzea eta komunikazioa testuinguruari egokitzea
  • Informazioa bilatzea, biltzea eta prozesatzea, hura ulertuz, osatuz eta hainbat motatako testuak erabiliz, komunikatzeko edo sortzeko askotariko asmoekin

INFORMAZIOA TRATATZEKO ETA TEKNOLOGIA DIGITALA ERABILTZEKO GAITASUNA

  • Informazioa bilatzeko, eskuratzeko, prozesatzeko eta komunikatzeko trebetasuna, eta informazio hori ezagutza bihurtzekoa
  • Oinarrizko hizkuntza espezifikoak ongi erabiltzen jakitea (idatzizkoa, zenbakizkoa, ikonoen bidezkoa, ikusizkoa, grafikoa eta entzunezkoa), bai eta horiek deskodetzeko eta igortzeko jarraibideak ere.
  • Informazioaren eta haren iturrien, aukeren eta kokapenaren ezagutza hainbat egoeratan eta testuingurutan aplikatzea, bai eta hura adierazteko hizkuntza eta euskarri ohikoenak ere
  • Informazioa antolatzea, lotzea, aztertzea, sintetizatzea, eta hainbat zailtasun mailatako inferentziak eta ondorioak atertzea, ezagutza sortzeko
  • Eskuratutako informazioa eta ezagutzak komunikatzea, hizkuntza eta teknika espezifikoak ez ezik informazioaren eta komunikazioaren teknologien aukerak erabiltzen dituzten adierazpen-baliabideak baliatuz

GIZARTERAKO ETA HERRITARTASUNERAKO GAITASUNA

  • Norberaren gizarte-errealitatea ulertzea. Lankidetzan aritzea, gizarte anitz batean bizikidetza eta herritartasun demokratikoa praktikan jartzea, eta hura hobetzeko konpromisoa hartzea
  • Inguruko balioen jakitun izatea, balio horiek ebaluatzea eta berreraikitzea, afektua eta arrazoia erabiliz, pixkanaka balioen multzo propio bat osatzeko eta erabakiei edo gatazkei aurre egitean koherentziaz aritzeko
  • Bizikidetza-arauak egitea, onartzea eta praktikan jartzea

GIZA ETA ARTE-KULTURARAKO GAITASUNA

  • Trebetasun eta jarrera egokiak izatea, norberaren eta gainerakoen arte-adierazpenak aintzat hartzeko; bai eta adierazpen horiek ulertzeko, balioesteko, eta haiekin hunkitzeko eta haietaz gozatzeko trebetasunak ere, pentsatzekoa, hautematekoa eta komunikatzekoa, sentikortasuna eta zentzu estetikoa
  • Ekimena, irudimena eta sormena erabiltzea, kode artistikoen bitartez adierazteko

NORBERAREN AUTONOMIARAKO ETA EKIMENERAKO GAITASUNA

  • Nork bere irizpideei jarraituz aukeratzeko, proiektuak imajinatzeko eta norberaren aukerak eta asmoak aurrera eramateko ahalmena, banakako naiz taldeko proiektuetan, proiektu horien ardura hartuta
  • Aukerak eta mugak aztertzea, proiektu baten faseak zer-nolakoak diren jakitea, planifikatzea, erabakiak hartzea, ekitea, egindakoa eta norbera ebaluatzea, ondorioak ateratzea eta hobetzeko aukerak baloratzea
  • Proiektuetan, lidergoarekin lotutako trebetasunak eta jarrerak garatzea; besteak beste, norberarengan konfiantza, enpatia, hobetze-jarrera, elkarrizketarako eta lankidetzarako trebetasuna, denboraren eta zereginen antolaketa, eta eskubideak berresteko eta babesteko edo arriskuak hartzeko ahalmena

Programazioa

IKT GAITASUN OROKORRAK ETA IKASMAILAKOAK*

* Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleentzako “Eskola 2.0” proposamenaren IKT gaitasunerako itemak, eranskin honetatik hartuak: IKT gaitasunen mapa .

Bizitza osorako ikaskuntza

B3. Informazioa kudeatu, sortu eta balioestea

  • B3.1. Beren interesetarako IKT baliabide espezifikoak aukeratu eta erabiltzea

  • B3.2. Irizpide heteronomoak aplikatzea informazio esanguratsua aukeratzeko

  • B3.3. Webean oinarritutako informazioa bilatu, aukeratu eta sailkatzea, iturrien baliozkotasunari dagokionez kanpo-irizpideak erabiliz

  • B3.4. Kideei ideiak jakinaraztea, dagokien ezagutza-arloetakoak diren ikur gutxi batzuk erabiliz

B4. Sortzaileak izatea eta berritzea

  • B4.2. Sormena, ikerketa eta berrikuntzaz baliatuz, beren produktuak (bideo-jokoak, aurkezpenak, gailuak) sortzea ahalbidetzen dieten IKT baliabideak erabiltzea, beren interesak betetzeko edo beste batzuek planteatutako arazoei irtenbidea emateko

B5. Mundu erreala ulertzea, arakatzea eta bertan moldatzea

  • B5.1 Batez ere irudiak eta soinuak erabiliz eta heldu baten laguntzaz mundu errealeko gaiak arakatzea eta/edo benetako arazo txikiei heltzea ahalbidetzen duten IKT baliabideak erabiltzea

Trebetasun teknologikoa

T2. IKTak informazioa bilatu, aukeratu eta aztertzeko erabiltzea

  • T2.1. Interneteko zerbitzuak erabiltzea (web-bilatzaileak eta beste hainbat) informazioa bilatzeko

T3. IKTak testu-informazioa prozesatzeko erabiltzea

  • T3.1. Testu-prozesaketako oinarrizko eragiketak egitea (kopiatu eta itsastea; formatua, lerrokatzea eta orrikatzea zehaztea; irudiak txertatzea; tipografia eta tamaina aldatzea; dokumentuak artxibatu eta inprimatzea)

T5. IKTak multimedia-informazioa prozesatzeko erabiltzea

  • T5.1. Multimedia edukiez oinarrizko eragiketak egitea (kopiatu eta itsastea; formatua zehaztea; irudi bat, soinu, bideoa txertatzea; webgune batetik irudi bat deskargatzea)

Herritartasun digitala

H1. Informazioaren pribatutasuna aintzat hartzea

  • H1.3. Beren informazioa webean partekatzeak zer ondorio izan ditzakeen oro har ezagutzea

H2. Jabetza intelektuala balioestea

  • H2.2. Informazioa erabiltzeari buruzko arauak errespetatzea, batez ere bideoen, audioaren, abestien eta monografien jabetza intelektualari dagokionez

  • H2.3. Webean informazioa erabiltzeari buruzko hitzarmenak ezagutzea, egileei sinesgarritasuna ematearren eta iturriak egoki aipatzearren

H3. Komunikazio elektronikoko estiloak eta moduak errespetatzea

  • H3.2. Norberaren ideiak eta pentsamenduak azaltzean eta besteen iritziak jasotzean, linean nahiz lineatik kanpo, errespetuzko jarrera izaten

Programazioa

IKASKETA-HELBURUAK

  • Lurraren historian kontinenteen forma aldatu egin dela eta etorkizunean era alda daitekeela jakitea
  • Kontinenteak eta ozeanoak kokatzen jakitea
  • Itsasoa eta ozeanoa bereiztea
  • Euskadi kokatzea, Iberiar Penintsulan eta Europan
  • Espainiako eta Euskadiko kostaldeko itsasoak eta ozeanoak zein diren jakitea
  • Hipotesiak egiteko gai izatea
  • Interneten informazioa bilatzea
  • Lineako hiztegietako eta entziklopedietako bilatzaileak erabiltzen jakitea
  • Mapetatik informazioa eskuratzea
  • IKT tresnak erabiltzea, informazioa sormena erabiliz komunikatzeko
  • Lankidetzan aritzearen ardura hartzea
  • Kideekin lankidetzan aritzea zeregin bat egiteko
  • Ordenari eustea, hitz egitean eta proposatutako lanetan
  • Itsasoen kutsadura-iturri batzuen efektuak eta kutsadurari aurre hartzeko edo haren eragina murrizteko ekintzak deskribatzea

EDUKIAK

1. blokea. Ingurunea eta haren kontserbazioa

  • Lurra: ozeanoak, itsasoak eta kontinenteak
  • Baliabide naturalak eta ingurumenaren babesa
  • Ura. Babesteko ekintzak
  • Gizakia, ingurumenaren parte diren aldetik, eta naturarekin elkarreragiteko duen gaitasuna

4. blokea. Pertsonak, kultura eta gizartearen antolaketa

  • Hainbat iturritako informazioaren bilketa, egoerak eta arazoak aztertzeko
  • Lankidetzarako joera, elkarlanerako eta ardura hartzeko jarrera, elkarrizketetan eta eztabaidetan besteek adierazitako ideiekiko eta ekarpenekiko errespetua eta tolerantzia

6. blokea. Materia eta energia

  • Lankidetza balioestea, saiakuntzetan eta ikerketetan, berdintasuna eta partaidetza kritikoa eta arduratsua garatuz, helburu komunak lortzeko

Programazioa

EBALUAZIO-IRIZPIDEAK

Arloaren gaitasunei dagokienez:

  • Ohiko kutsadura mota batzuen efektuak eta kutsadurari aurre hartzeko edo haren eragina murrizteko ekintzak deskribatzen ditu
  • Badaki giza jarduerek ingurumenari eragiten dietela eta ekintza positiboen eta negatiboen adibideak ematen ditu
  • Badaki zein diren Euskadiko, Espainiako eta Europako kostaldeko itsasoak eta ozeanoak
  • Itsasoaren eta ozeanoaren definizioak alderatzen ditu
  • Lurreko kontinenteak eta ozeanoak bereizten ditu
  • Mapetatik informazioa eskuratzen du
  • Bere esatekoak taldeari argi azaltzen dizkio, ahoz eta idatziz, kasuan kasurako estrategia edo tresna teknologiko egokienak erabiliz
  • Ikerketak egiteko behar duen informazioa bilatzen du, bere inguruko baliabide teknologikoak erabiliz
  • Planifikatu egiten du hainbat iturritatik informazio esanguratsua eskuratzeko, hipotesiak egiten, sistematizatzeko
  • Egoerei edo gertaerei buruzko datuak bilatzen eta aukeratzen ditu, helburu jakin bat lortzeko
  • Helburu jakin bat lortzeko bildutako informazioa antolatzen eta aztertzen du ondorioak ateratzeko
  • Ondorioak argi adierazten ditu, euskarri digitalen bitartez

IKT gaitasunei dagokienez:

  • Lineako erreferentzia-lanetan informazioa aurkitzen du
  • Behar bezala erabiltzen du testu-prozesadorea taulekin eta irudiekin lan egiteko
  • Badaki Glogster erabiltzen eta multimedia-elementuak erabiliz poster digitalak egiten
  • Behar bezala aipatzen ditu iturriak

Hemen daukazu hiru jardueretan proposatutako zereginen ebaluazio-errubrika.

Oinarriak

SEKUENTZIA DIDAKTIKOAK: HASTEKO, 3 GALDERA

Zertarako balioko dizu gida honek?

IKTak ikasgelan aplikatzeko proposamen zehatz bat (sekuentzia didaktikoa) planifikatzeko eta praktikan jartzeko, eta proposamen horren bitartez, hauek lantzeko: oinarrizko gaitasunak eta arlokoak, eduki kurrikularrak eta gaitasun digitalak.

Zer aurkituko duzu?

Gune elkarreragile eta multimedia bat. Bertan, hauek zehazten dira: ikasgelarako programazioa, atazak IKTen bitartez egiteko orientabide didaktikoak, deskargarako estekak eta tutorialak.

Zer egin dezakezu?

Proposamena irakaskuntzan zuzenean aplikatu, zure ikasgelako testuingurura moldatu, adibideetatik abiatuta jarduera berriak sortu eta zure esperientziak beste irakasle batzuekin partekatu.

SEKUENTZIA DIDAKTIKOAK: 5 GAKO

Material irekia, pertsonalizagarria eta berrerabilgarria
Erabilpen anitzekoa
Bertsio bereiziak irakasleentzat eta ikasleentzat
ADEaren erabilera ikasgelan
Plataforma- eta aukera-aniztasuna

Oinarriak

Zer da sekuentzia didaktiko bat eta zer eskaintzen digu?

Sekuentzia didaktiko bat (SD) jarduera-segida ordenatu bat da, ikasleak gaitasun kurrikularrak zein IKT gaitasunak beregana ditzan diseinatua. Sekuentzia didaktikoetako atalik esanguratsuena elkarren artean lotutako jardueren segida da, ikasle orok jarraitu beharko baitio ikasketa-prozesuan.

Funtzio eta ezaugarri ezberdinak dituzten jarduerak lantzeko aukera eskaintzen digu, modu integratuan. Edukia aurkeztea, ulertzea, erabiltzea edo praktikatzea prozesuaren ezinbesteko osagaiak dira, eta elkarri lotutako edukien multzo esanguratsu baten inguruan lan egiteko aukera ematen dute.

Chaval Brasilen argazki bat, Flickr webgunean, CC lizentziapean.

Sekuentzia Didaktiko bakoitza HOD (Hezteko Objektu Digital) bat edo gehiagoz osatuta dago, eta hauek eskaintzen ditu:

  • Sekuentziako edukien deskribapena, aurkezpen interaktibo, kontzeptu-mapa, testu eta podcast formatuan, eduki kurrikularrak hala uzten badu.
  • Edukiaren inguruko hasierako arakatze-jarduera.
  • Edukiaren inguruko jarraipen-jarduera.
  • Edukiaren inguruko laburpen- eta ebaluazio-jarduera.
  • Edukiaren sakontze-jarduera, aukerarik balego.

Hainbat jarduera egin daitezke, proposatutako jarduera-segidari jarraituz, edo horietako batzuk aukeratu eta norberaren sekuentziara egokitu.


Jardueretan zehar sortutako planteamenduek garatu egin nahi dituzte Lehen Hezkuntzarako Oinarrizko Gaitasunak (hizkuntza-komunikaziorakoa, matematikarakoa, mundu fisikoaren ezagutza eta harekiko elkarrekintzarakoa, gizarte- eta hiritar-gaitasuna, ikasten ikastekoa, eta norberaren autonomia eta ekimenerakoa) eta IKT gaitasunak (Eskola 2.0 proposamenean txertatutako ikasleen IKT gaitasunen maparen arabera).


Jarduerak, orokorrean, 2.0 baliabide digitalen erabileran eta sareko lanean oinarritzen dira. Horrenbestez, egindako proposamenetan ikasleak animatuko dira hainbat sare sozialetan informazioa kudea eta argitara dezaten, lankidetzan ari daitezen, eta, eskuratutako informazioa baloratzean, jarrera kritikoa zein hausnarkorra gara dezaten. Aldi berean, gune birtualetan adostutako arauak ezagutzeko eta aintzat hartzeko aukera izango dute.

Oinarriak

Sekuentzia didaktikoen xedea eta egitura

Sekuentzia didaktikoen xedea da ikasleek eduki kurrikularrak ikastea eta gaitasun digitalak eskuratzea, IKTak ikasgelan aplikatzeko proposamen batetik abiatuta.

Ikasleek sekuentziako edukietan aurrera egingo dute etapaz etapa. Banaka egingo dute, baina taldeka egiteko jarduerak proposatuko zaizkie. Etapa bakoitzean adierazi egingo zaie zer egin behar duten eta zer baliabide erabili behar dituzten. Sekuentziek ikasleei eskaintzen dizkiete:

  • Hiru jarduerako edo gehiagoko segida bat, eduki kurrikularrei heltzeko, Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleei zuzendutako aginduekin
  • Fitxategi erantsiak, jarduerak egiteko eta koebaluatzeko edo autoebaluatzeko
  • Ikasleentzako tutorialak, erabiliko diren programei edo web 2.0 zerbitzuei buruzkoak
  • Sekuentziako IKT baliabide guztiak biltzen dituen atal bat

Landuko den edukiaren arabera, hauek eskainiko dituzte:

  • Jarduerak egiteko erabiliko diren webguneetara, animazioetara eta bideoetara estekak
  • Ebazteko jarduera elkarreragileak

Sekuentziako irakasleentzako gidaren helburu nagusia da irakasleei laguntzea proposatutako ikasketa-segida planifikatzen eta praktikan jartzen. Premisa horiek kontuan hartuta, gidek irakasleei eskaintzen dizkiete:

  • Proposamen didaktikoaren testuingurua.
  • Orientabide didaktikoak, ADEren metodologia erabiliz sekuentzia didaktikoak lantzeko.
  • Proposatutako jardueren erantzunak.
  • Oinarrizko gaitasunak eta arloaren berariazko gaitasunak.
  • IKT gaitasunak (Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleentzako “Eskola 2.0” proposamenean ezarritakoak).
  • Ikasketa-helburuak, edukiak eta ebakuazio-irizpideak.
  • Proposamenean erabiliko diren materialak eta IKT baliabideak.
  • Prestakuntza-eduki osagarriak, irakasleei sekuentzia didaktikoak garatzen laguntzeko (ADE, web 2.0 tresnak eta e-learning plataformak).

Oinarriak

Ebaluazioa

Ebaluazioak, burututako sekuentzien emaitzak aztertzeko tresna ez ezik, ikasketa-prozesua erregulatzekoa ere izan behar du. Horregatik, sekuentzia didaktikoan txertatuta egon behar du, prozesuan landuko diren jardueren parte izan. Jarduera horiek hausnarketa egiteko aukera eman behar diote ikasleari, egiten ari denaz, izan dituen zailtasunez, egin dituen akatsez, behar duen laguntzaz, eta hobetzeko eta aurrera egiteko bideez.

Ebaluazio hori hausnarketa-ariketa da, aurretiko ezagutzak prozesuan ikasten ari denarekin lotzeko aukera ematen duena. Akatsak abiapuntu gisa hartzen ditu, zailtasunez jabetzeko eta haiei aurre egiteko. Helburua ez da ikasleek zer ez dakiten jasotzea; jakitea baizik ezaguerak nola aplikatzen dituzten, informazioa nola lotzen duten, konponbideak bilatzeko trebetasunak nola aktibatzen dituzten... Ebaluazio horrek irizpide, adierazle eta ikasketa-helburu zehatzen multzo zabal bat izan behar du oinarrian, ez zenbakizko kalifikazio soil bat.

Gaitasunetan oinarritutako ebaluazioak lehenetsi egiten ditu ulertzea, aztertzea, lantzea, justifikatzea eta erantzunak argudiatzea, eta ez informazioa buruz ikastea eta errepikatzea.

Proposatutako jarduerak, nahiz azterketa-, koebaluazio- eta autoebaluazio-tresnak irakasleen erreferenteak dira, ikasleen ikasketa-prozesua nahiz haiek lortutako emaitzak baloratzeko.

Oinarriak

Materialaren aurkezpena eta deskarga

Proiektu honen filosofiaren gakoetako bati jarraiki (Arakatu, sortu, argitaratu eta partekatu), material hau irekia, pertsonalizagarria eta berrerabilgarria da. Materiala erabiltzeko, ondorengo prozesuari jarraitu behar zaio. Gida egiteko erabili diren irudiak sekuentzia jakin bati dagozkio (Laburpena) eta, beraz, orientagarriak dira.

Sekuentzia didaktiko bakoitzak, ZIP fitxategi bat deskargatzeko atal bat dauka. Material deskargagarria.

Lotura hori aukeratzean ZIP fitxategi konprimitu bat deskargatzen da:

Gorde fitxategia botoian klik egingo dugu fitxategia gure ordenagailuan deskargatzeko. Behin ordenagailuan izanda, bi klik egingo ditugu fitxategiaren gainean, deskonprimitzeko programarekin ireki eta edukia ikusteko:

Landuko dugun materiala non gorde zehaztuko dugu eta karpetak bertara aterako.

Behin materiala deskonprimituta, karpeta zabaldu eta hiru karpeta ikusiko ditugu:

  1. Sekuentziaren edukia: Ikasl_sekuentzia

  2. Estiloarekin ikusteko behar diren artxiboak: Zz_programa

  3. Imsmanifest.xml fitxategi bat, Moodle-ek edo antzeko plataforma batek prozesatzeko informazioa duena. Bertan, ikastaroaren edukiak zuzen azalduko zaizkio erabiltzaileari, dagokion balio pedagogikoa erantsita.

Oinarriak

Zer dago karpeta bakoitzean eta zertarako balio du?


Orain karpeta guztiak aztertuko ditugu.

Ikasl_sekuentzia

Sekuentzia guztiek dute Ikasl_sekuentzia izeneko karpeta bat.

  • Sekuentzia ikusteko lehen urratsa “index” fitxategia zabaltzea da eta sekuentzia guztian zehar nabigatzea.
  • Moduluen karpetan hizkuntza direktorio bat dago. Guk “eu” karpeta ikusiko dugu, bertan baitago euskarazko bertsioa.

  • Karpeta barruan sekuentziaren .html fitxategi guztiak daude zenbakiz ordenatuta. Edozein eduki argitaratu nahi badugu, Dreamweaver (jabedun softwarea) edo Kompozer (software librea) erabil dezakegu.

  • “01modulua_p.html” fitxategia inprimatzeko bertsioari dagokio.
  • Materialen karpetan “img” karpeta nabarmentzen da, bertan baitaude sekuentziako irudi guztiak. Baten bat gehitu nahi bada, nahikoa da karpetan txertatzea eta dagokion html lotura egitea.
  • Modu berean, materiala ere txerta daiteke deskargen (fitxategi konprimituak), .swf fitxategien (eskuliburu eta animazioak) eta inprimatzekoen karpetetan; bertan, materialaren .odt bertsioa dago, editatu eta .pdf formatura esportatu ahal izateko.

Zz_programa karpeta

Ondoren zz_programa karpetan sartuko gara, bertan baitaude sekuentzia ohiko estiloan bistaratzeko behar diren fitxategi guztiak.

Karpeta hori egituratik kanpo mugitzen badugu, materiala modu honetan ikusiko dugu:

Imsmanifest

“js” karpetak eta imsmanifest.xml fitxategiak ikasketarako plataforma birtualetako nabigatzaileei dagozkie, eta beraz, ez da komeni haiek editatzea.

Helburu hauek hartu dira kontuan materialen egitura zehazteko:

  • Sekuentzian lantzen diren edukiak pertsonalizatzea.
  • Proposameneko edozein osagai gehitu, aldatu edo ezabatzeko aukera izatea.
  • Irudiak, materialak eta sekuentzien edukiak berrerabiltzeko aukera izatea.

Laguntza

Laguntza
  1. Ezker menua (goitik beherako ordena): sekuentziaren orri nagusiaren ikurra (home), iturriaren tamainaren ikurra, inpresio ikurra, laguntzarako sarrera ikurra eta edukinaren aurkibidearen ikurra.
  2. Materialaren izena barra eta sekzio aktualaren izenburua.
  3. Nabigazio geziak (hurrengo edo aurreko orrialdea).
  4. Edukinarentzako hutsunea.

Autor:

Lorem ipsum dolor sit amet, consectetur adipisicing elit, sed do eiusmod tempor incididunt ut labore et dolore magna aliqua. Ut enim ad minim veniam, quis nostrud exercitation ullamco laboris nisi ut aliquip ex ea commodo consequat. Duis aute irure dolor in reprehenderit in voluptate velit esse cillum dolore eu fugiat nulla pariatur. Excepteur sint occaecat cupidatat non proident, sunt in culpa qui officia deserunt mollit anim id est laborum.

1. Material irekia, pertsonalizagarria eta berrerabilgarria

Sekuentzia didaktiko bakoitzak konprimitutako fitxategi bat dauka, deskargatzeko ZIP fitxategi bat, helburu hauekin:

  • Sekuentzian lantzen diren edukiak pertsonalizatzea
  • Proposamenean edozein atal gehitzea, aldatzea edo ezabatzea
  • Sekuentzietako irudiak, materialak eta baliabideak berrerabiltzea

Sekuentzia honen fitxategia deskargatzera eta askatasun osoz aztertzera gonbidatzen zaitugu. Esteka honetatik egin dezakezu.

Materialen egiturari edo sarbideari buruz laguntza edo orientabideak behar badituzu, ez utzi materialen erabilerari buruzko atala irakurri gabe.

2. Erabilpen anitzekoa

Sekuentzia didaktiko guztiak bi modutan erabil daitezke:

    • ONLINE: Kontsultak sarearen bidez eginez, prestakuntza-plataforma baten bitartez edota esteka edo URL baten bidez.
    • OFFLINE: ZIP fitxategi bat deskonprimituz, ordenagailuan bertan lan egiteko, Internetera konektatu gabe.

3. Bertsio bereiziak irakasleentzat eta ikasleentzat

Sekuentzia didaktikoak sortzean arreta berezia jarri da bi erabiltzaile-profiletan:

  • Irakasleek eskura dituzte ikasleei zuzenduriko lan-proposamena aztertzeko sarbidea, gida didaktikoa eta proposaturiko ariketen erantzunak.
  • Ikasleek eskura dituzte ariketen proposamena ikusteko sarbidea, eta proposamena praktikan jartzeko erabiliko dituzten materialen eta baliabideen zerrenda.

4. ADEaren erabilera ikasgelan

Sekuentzia didaktikoen diseinuak sustatu egiten du arbel digital elkarreragilea (ADE) erabiltzea. Horrela, irakasle batek hauek egin ditzake ikasgelan:

  1. Sekuentzia bat aztertu eta, bertatik, taldean aurkezteko edukiak hartu.
  2. Landu nahi dituen sekuentziaren edukiak, aurkezpenak, animazioak eta materialak proiektatu.
  3. Pixkanaka, praktika berritzaileak ikasgelako eguneroko lanean txertatu.
  4. Ariketa elkarreragileak, problemetako egoeren azterketak, eztabaidak eta taldeko zuzenketak erraztu.
  5. Arbelaren zentzua eta aurkeztutako edukiak indartzeko tresna eta funtzionalitate malguak erabili, ikasleen arreta lortzearren.

5. Plataforma- eta aukera-aniztasuna

Plataforma- eta aukera-aniztasuna

Sekuentzia didaktiko guztiak linean landu daitezke, besteak beste, Moodle edo LAMS plataformen bitartez, ikasleen jarraipenerako eta kontrolerako tresnak baliatuz. Sekuentziak Moodle batean erabili nahi baditugu, beharrezkoa izango da sekuentzien ZIP fitxategia deskargatzea (ikasleen bertsioa) eta Moodle, blackboard edo antzeko ezaugarriak dituen plataforma batera inportatzea.

Horretarako, administratzaile-baimena behar da delako plataforma horietan, eta sistemak adieraziko dituen urratsak jarraitu (garrantzitsua da edukia nola inportatu azaltzen duen plataformako tutoriala oinarri hartzea).