Orientabideak
Orientabide metodologikoak
1. jarduera. Lehorreko ekosistemak (saio bat edo bi)
Proposamen didaktiko hau baliabide interaktibo interesgarri batekin hasten da. Ikasleek parke baten miaketa
birtuala egin behar dute, eta zenbait izaki biziduni buruzko zazpi enigma argitu. Multimedia-baliabide honetan proposatzen
diren zalantzak argitu ondoren, ikasleei eskatzen zaie gogoeta egiteko ezagutu berri dituzten animalien eta landareen bizitzari
buruz. Puntu horretan, izaki bizidunen eta haien ingurunearen artean sortzen diren harremanei buruzko gogoeta sustatu beharko
luke irakasleak, hauek eta antzeko galderak eginez: Zuen ustez, animaliak eta landareak edozein ingurunetan haz eta gara daitezke?
Zer gertatuko litzateke euri gehiago egingo balu, edo tenperatura igoko balitz? Zer gertatuko litzateke beste espezie harrapari
bat sartuko balitz parkean? Galdera horiei esker, ikasleek ulertu beharko lukete ekosistema batean elementu bat aldatzeak
ekosistema osoari eragiten diola.
Interneteko parke birtual batean zehar ( http://concurso.cnice.mec.es/cnice2006/material033) egindako ibilaldi horren osagarri, beste ibilaldi
bat egin daiteke erdigunetik hurbil kokatutako hiri-parke batean zehar. Adibidez, Sarriko parkea aukera daiteke, edo Barakaldoko
lorategi botanikoa, Bilbori dagokionez; Gasteizen, berriz, Santa Katalinako lorategi botanikoa, hiritik hurbil baitago...
Edo egun osoko mendi-txango bat egin daiteke. Menditxiki.org webgunean, haurrekin Bizkaiko inguruetara ateratzeko hainbat
aukera proposatzen dira: http://menditxiki.org/.
Ikasleek, gero, bideo baten eta irudi baten bidez, ekosistema baten hiru osagai nagusiak zein diren ikasi
ahal izango dute: elementu biotikoak, elementu abiotikoak eta haien artean sortzen diren harremanak. Hiru kontzeptu horiek
berebiziko garrantzia dute, eta beharrezkoa da ikasleek haiek ondo ulertzea, sekuentzia didaktikoko gainerako jarduerak egiteko.
Horregatik, kontzeptu horiek ondo ikasi dituztela egiaztatzearren, jarduera interaktibo bat egingo da, ekosistema bateko elementu
biotikoak eta abiotikoak bereizteko. Elementu horien artean sortzen diren harremanetako batzuk arbel interaktiboan jasotzeko
gauza izan beharko lukete ikasleek.
Jarraian, “ekosistema” kontzeptuaren zenbait definizio aurkezten dira: aurkeztutako informazioa laburbiltzeko
balioko dute. Irakasleak laguntza eman beharko lieke ikasleei, antzekotasunak aurki ditzaten definizioen artean. Horretarako,
komeni da definizioa arbel interaktiboan proiektatzea eta ozen irakurtzea. Ondo bereizten dira definizioen arteko antzekotasunak?
Zer sinonimo erabiltzen dira?
Joan 1. jarduerara.
2. jarduera. Uretako ekosistemak (saio bat edo bi)
Bigarren jardueran uretako ekosistemak aurkezten dira. Hurrengo bideo hau baliagarria izan daiteke ikasleen
jakin-mina pizteko eta gainerako ariketak aurkezteko: http://youtu.be/7Rb1mmpAVys
.
Uretako ekosistemek zer ezaugarri dituzten jakiteko, multimedia-baliabide hau erabiliko da: http://portal.perueduca.edu.pe/modulos/r_ecosistemas/ecosistemas.html.
Oso baliabide zabala da, askotariko informazioa jasotzen duena lehorreko eta uretako ekosistemei buruz. Ikasleak ez nahasteko,
komeni da baliabidea arbel interaktiboan proiektatzea eta erabiliko diren atalak baino ez erakustea:
- Ekosistemen atala.
- Harremanen atala.
Lehendabizi, Apotxok, multimedia-baliabideko protagonistak, bizigune duen ekosistema aurkeztuko da. Ekosistemen
atalean agertzen den animazioan, elementu biotikoak eta abiotikoak bereizi beharko dituzte ikasleek. Gero, Ekosistemako
populazioen arteko oinarrizko harremanak izeneko atalean ematen den informazioaren bidez, ur gezako ekosistema batean
izaten diren harremanetako batzuk deskribatu beharko dituzte.
Ikasleen lana Writer fitxategi batean jasoko da, non Apotxo bizi den ekosistemako elementu biotikoak
eta abiotikoak azalduko baitira, bai eta elementu horien arteko harreman batzuk ere. Lanok arbel interaktiboan proiektatuko
dira, denen artean ebaluatzeko.
Joan 2. jarduerara.
3. jarduera. Ekosistemen arteko konparaketa (saio bat)
Jarduera honetan, aurreko jardueran aztertutako lehorreko eta uretako ekosistemak konparatuko dituzte
ikasleek. Ikusitako antzekotasunak eta desberdintasunak jasoko dituen taula bat egingo da arbel interaktiboan. Irakasleak,
lana errazteko, galdera hauetako batzuk egin ditzake:
- Desberdinak dira zutabe bakoitzean zerrendatuta dauzkazuen elementuak?
- Zer ingurunetan bizi dira organismoak? Uretan, lehorrean, bietan beharbada?
- Aldagarria ala egonkorra da inguruneko tenperatura kasu batean eta bestean?
- Zenbatekoa izango da argiaren intentsitatea?
- Lehorreko ekosistemako izaki bizidunak uretako ekosisteman bizi ahal izango dira? Eta uretako ekosistemako izaki bizidunek
bizirik iraungo lukete lehorreko batean?
- Eta desberdinak dira ekosistema batean eta bestean izaki bizidunen arteko harremanak? Antzekotasunik ikusten duzue?
Komeni da bi ekosistemen irudiak proiektatzea arbel interaktiboan. Horretarako, SMART Notebook softwareko
“pantaila zatitua” aukera erabil daiteke. Aukera hori oso egokia da konparazio-ariketetarako, bi dokumentu aldi berean bistaratzeko
eta erabiltzeko aukera ematen duelako.
Ondoren, bi ariketa interaktibo egingo dira. Lehendabizikoan, zenbait baieztapen egia ala gezurra diren
esan beharko dute ikasleek. Bigarrenean, elementu biotiko eta abiotiko batzuk zer ekosistematakoak diren erabaki behar da
(uretakoak, lehorrekoak edo bietakoak). Komeni da ariketa horiek banan-banan edo bikoteka egitea. Zuzenketa arbel interaktiboan
egin daiteke, gelakide guztien ekarpenak eta gogoetak kontuan hartuta.
Joan 3. jarduerara.
4. jarduera. Euskadiko ekosistemak (saio bat)
Azken jardueran, ikasleek ingurune jakin batean erabili ahal izango dute ikasitakoa: Urkiolako natura-parkean,
Bizkaiko hego-ekialdeko muturrean. Komeni da jarduera hasi baino lehen ikasleei galdetzea inoiz egon diren parke horretan,
eta zer iruditu zaien. Bestela, irudien eta argazkien bilaketa azkarra egin daiteke zerbitzuren bat erabiliz —Flickr adibidez—
arbel interaktiboan proiektatuta.
Gero, ikasleak lauzpabost kideko taldetan banatuko dira. Talde bakoitzak irudi bat jasoko du, Urkiolako
natura-parkean aurki ditzakegun paisaia hauetako bati buruzkoa: pagadia, artadia, larredia eta harkaiztia.
Zenbait koloretako nabarmengailuak erabiliz, ekosistema baten osagaiak aurkitu beharko dituzte testuan:
elementu biotikoak, elementu abiotikoak eta haien arteko harremanak. Testuan bilatu beharreko faktoreen eta harremanen kopurua
handitu ala txikitu egin daiteke, denboraren arabera. Puntu honetan, beharbada komenigarria izan daiteke lehen jardueran sortutako
ariketak eta taulak berreskuratzea, irakasleak arbel interaktiboan proiekta ditzan.
Azkenik, talde bakoitzak kontzeptu-mapa bat egingo du CmapTools tresna erabiliz. Ekosistema bateko elementu
biotikoen eta abiotikoen artean sortzen diren harremanak adieraziko dira mapa horretan. Mapa oso soila izan daiteke, edo oso
konplexua, ikasleek dakitenaren eta daukaten trebetasunaren arabera. Mapa soilenak bi elementuren arteko harreman bakar bat
adieraziko luke. Adibidez: hontza (elementu biotikoa) marraskari txikiz (elementu biotikoa) elikatzen da
(harremana).
Mapa konplexuago batean, elementu biotiko eta abiotiko anitzeko harreman bat adieraziko litzateke; adibidez:
Talde batek kontzeptu-mapa bat baino gehiago egiten badu, bi mapa horien artean zer harreman dagoen asmatzeko esango
zaie. Ariketa honen xedea da ikasleek pentsatzea ekosistema “osotasun integratua” dela, irudi honetan erakusten denaren antzekoa:
Mapak arbel interaktiboan proiektatuko dira, eta denen artean hitz egingo da haiei buruz.
Joan 3. jarduerara.