2. jarduera
Nahaste heterogeneoak bereizteko metodoak: iragazketa eta dekantazioa
Nahaste asko (aurreko jarduerako jangaiak, adibidez) guk geuk egiten ditugu, baina beste asko “prestatuta”
etortzen dira. Baten bat bururatzen zaizue? Zuen etxeetan horrelako asko eta asko daude! Hortzetako pasta, hormetarako pintura,
almendra-izozkia, desodorantea, eskolan erabiltzen duzuen binilo-itsasgarria, idazteko papera, janzteko elastikoen oihala
eta abar.
Baina posible da hasierako osagaiak berriz lortzea edozein motatako nahaste batean?
Har dezagun, adibidez, bazkariko entsalada. Tipula dauka, baina zer egin dezakezue ez bazaizue gustatzen
osagai hori? Bada, ziur aski, koilara edo sardexka batez kendu ahal izango duzue, ezta? Baina beti ez da hain erraza izaten.
Adibidez, jakingo zenukete nola kendu azukrea fruta-zuku bati gozoegia badago?
Nahasteak bereizteko zenbait metodo daude. Orain, haietako batzuk aztertuko ditugu.
Irudia hemendik atera da:
http://medusa.unimet.edu.ve/
educacion/fbqi21/matraz.jpg
Jarduera
Iragazketa: Substantzia solido bat substantzia likido batetik bereizteko erabiltzen da; normalean,
likido batean barreiatuta dauden oso partikula solido txikiak izaten dira. Prozedura oso erraza da: nahastea iragazki batetik
pasatzen da, eta iragazkiak likidoa pasatzen uzten du, baina ez solidoa.
Etxean askotan erabili duzu iragazketaren metodoa, horretan ari zinela jakin gabe; adibidez: zukua egitean, iragaztekoa
mamia bereizteko erabiltzen duzun bakoitzean; edo pasta egitean, xukagailua ura kentzeko erabiltzen duzunean.
Dekantazioa: Dentsitate desberdineko substantzia likidoak bereizteko erabili ohi da. Nahastea
bi osagaiak bereizteko adina denbora pausatzen uzten da (dentsitate handienekoa hondora joango da). Ondoren, dekantazio-inbutu
bat erabiltzen da; inbutuak ixteko giltza dauka hondoan. Giltza irekitzean, osagai dentsoena erori egingo da, eta dena erori
denean, giltza berriz itxiko dugu. Horrela bereiziko ditugu osagaiak.
ESPERIMENTUA
Orain, gure nahasteak bereizteko erabiliko ditugu metodo hauek. Banatu lauzpabost kideko taldetan
Material hauek beharko dituzue:
- Harea xehea.
- Olioa.
- Iragazpapera
- Inbutua
- Prezipitatu-ontzia
- Dekantazio-inbutua
- Euskarria
- Edalontzi bat
- Plastikozko botila txiki bat
Bideo bat egin behar duzue esperimentuan zehar, eta bertan prozedurak jaso.
Lehendabizi, nahasteak egingo ditugu:
- Bota ura eta harea xehea edalontzian, eta ondo irabiatu.
- Bete plastikozko botilaren erdia urez eta beste erdia olioz.
Grabatu nola egiten dituzuen nahasteak.
Orain, osagai bakoitza bereizi behar dugu. Nola?
Ura eta harea bereizteko, iragazketa erabiliko dugu; olioa eta ura bereizteko, berriz, dekantazioa.
Harearen eta uraren bereizketa. Ura eta harea bereiziko ditugu. Eskeman ikusten den bezala, jarri
iragazkia inbutuaren gainean, eta finkatu inbutua euskarrian, doi-doi prezipitatu-ontziaren gainean. Zuetako batzuek gauzak
antolatu bitartean, besteek prozedura grabatu eta oharrak hartu behar dituzue, geroago, bideoa ikusi bitartean, azalpenak
eman ahal izateko. Dena prestatu ondoren, harea- eta ur-nahastea bota behar duzue inbutura, eta itxaroan ur guztia prezipitatu-ontzira
erori eta harea iragazkian gelditu arte.
Irudiaren iturria: http://3.bp.blogspot.com/
_LruEWdsfuaI/SnDke5St27I/
AAAAAAAAADQ/YeieTm-QZfQ/
s400/filtraci%C3%B3n.jpg
Olioaren eta uraren bereizketa.
Ondoren olioa eta ura bereiziko ditugu. Dekantazio-inbuturik ez baduzue, bat egin dezakezue, jarraibide hauek kontuan hartuta:
http://centros5.pntic.mec.es/ies.victoria.kent/Rincon-C/practica2/pr-53/PR-53.htm
Lehen bezala, antola zaitezte grabatzeko eta prozesu osoari buruzko oharrak hartzeko. Esperimentu guztietan
arreta handiz jokatu behar duzue, kontuz erabili behar duzue materiala, bat-bateko mugimendurik egin gabe, egonarri ona izan
behar duzue; adibidez, olioa eta ura dekantazio-inbutuan ondo bereizi arte itxaron behar da.
Lehendabizi, nahastea dekantazio-inbutuan botako dugu, eta olioa eta ura bereizi arte itxarongo dugu.
Ondoren, dekantazio-inbutuaren azpian prezipitatu-ontzi bat jarriko dugu, eta hondoko giltza irekiko. Utzi lehen osagaia ateratzen;
bietako zein den bereiz dezakezue?
Lehen osagai osoa erori denean, itxi giltza, aldatu ontzia eta ireki berriz.
Horrenbestez, amaieran, bi prezipitatu-ontzi izango ditugu, eta osagai bat bakoitzean.
Egin ariketa hau: Egia
ala gezurra.