3. jarduera
Nahaste homogeneoak bereizteko metodoak: lurrunketa eta destilazioa
Sartu animazio honetan, lurrunketa zertan datzan jakiteko:
Egin klik Lurrunketa aukeran eta ikusi zer gertatzen den.
Erne egon zarete? Bertan azaltzen da badagoela lurrunketa izeneko metodo bat nahaste homogeneoak
bereizteko, likidoen ezaugarri bat “baliatzea” oinarritzat duena: tenperatura jakin batean berotzen direnean,
irakiten hasi eta lurrun bihurtzen dira. Horrenbestez, likido baten eta solido baten nahastearen tenperatura igotzen denean
(animazioan, ur- eta azukre-nahastearenarena), ura lurrundu egiten da; ez, ordea, azukrea, ontzian geratzen baita.
Likido osoa lurrundu ondoren, berriz lor dezakezue azukrea. Horrela, nahastearen osagaiak bereizi egiten
dira.
Nahaste baten osagai likidoaren lurrunketaren bidezko bereizketa-metodo honi esker, solidoak lortzen dira.
Prozesua oso zaila dela pentsa dezakezue, baina etxean zopa prestatu eta zenbait egunetan jaten duzuenean
gauzatzen da. Zer gertatzen da zoparen zaporearekin berotzen duzuen bakoitzean? Ziur aski, ohartuko zineten zaporetsuago (edo
gaziago) dagoela; izan ere, berotzen duzuen bakoitzean, likidoa soilik lurruntzen da, baina gatza eta beste ongailu solidoak
ontzian gelditzen dira eta, horregatik, zopa gero eta gehiago gazitzen eta loditzen da.
Ura lurruntzen jarraitzen baduzue, azkenean, zopako gatza eta solidoak (pasta, barazkiak...) lortuko
dituzue, animazioaren adibidean azukrearekin gertatu bezala.
Orain, pentsatu: zer gertatzen da ez baduzue berotzen likidoa? Lurrunketa gerta daiteke nolanahi ere? Jakin
nahi baduzue, egin oso esperimentu erraz hau:
Hartu edalontzi bat eta bete urez erdiraino. Egin marra bat markagailu ezabaezin batez, likidoa noraino
iristen den adierazteko. Utzi edalontzia giroko tenperaturan (sukaldeko lekuren bat izan daiteke).
Egun batzuen buruan, begiratu likidoa egindako marraren maila berean dagoen. Bai? Ez? Zuen ustez, zer gertatu da?
Hori ere lurrunketa da! Ziur aski, ura irakite-puntura iristen denean soilik lurruntzen dela pentsatu duzue. Baina ez beti!
Irakitea ur-masa guztiari gertatzen zaion fenomeno bat da, baldin eta ura berotu egiten bada,
eta 100 ºC-tik hurbil gertatzen da. Irakiteak lurrunketaren abiadura handitzen du; horregatik, prozesua azkartu egiten
da likidoa berotzean.
Lurrunketa, berriz, likidoaren azalean zertzen da, eta giroko tenperaturan gerta daiteke.
Zer abiadurarekin? Lurrunketa-azaleraren arabera. Likidoa ontzi batean badago, haren azalera zenbat eta handiagoa izan, orduan
eta azkarrago lurrunduko da.
Egiaztatzeko, esperimentu erraz bat egin dezakezue bi ontzitan ur-kantitate bera jarrita: ontzi baten ahoa
zabalagoa izango da bestearena baino, eta bietan uraren maila markatu beharko da. Begiratu egunero aldaketarik izan den eta
idatzi zer gertatu den.
Ulertu dugu zer den lurrunketa. Zer gertatzen da solidoa soilik lortu beharrean, likidoa eskuratu nahi
baduzue? Bada, lurruna nolabait berreskuratu beharko dela.
Destilazioa da hori egiteko metodoetako bat.
Ikus dezagun zertan datzan.
Zer kasutan erabil dezakezue destilazioa?
Osagai likidoa osagai solidotik bereizteko balio du metodo honek; adibidez, ur- eta gatz-nahaste batean
erabil daiteke. Tenperatura desberdinetan dirakiten bi likidoren soluzioak bereizteko ere erabiltzen da; uraren eta alkoholarena,
adibidez.
Antzinako alkimista bere laborategian.
Destilazioa, kimika arrunteko beste jardunbide asko bezala, alkimisten asmakizuna da.
Dirudienez, prozesua azaltzeko eskema hau eta gisakoak K.a. 300. urtetik dira ezagunak.
Iturria: http://saberparacomerlosdestilados.blogspot.com/
2008/05/historia-de-la-destilacion.html
Nola funtzionatzen du destilazioak?
Ura eta solutu bat (edozein) disolbatzen direnean, nahastea sutan ere erabil daitekeen ontzi batean
jartzen da.
Irudian baloi bat ikus dezakezue, azpian pizgailu bat jarrita daukana. Nahastea berotzean, ura lurrundu
egiten da, baina solutua ez, lurrunketaren animazioan ikusi duzuen bezala: http://portal.perueduca.edu.pe/modulos/m_soluciones/laboratorio_hidratantes2.swf
Oraingoan, lurruna, giroan “galtzen” utzi beharrean, hozteko gailua deritzon aparatu
batean hozten da (aparatuak bi hodi ditu; bata bestearen barruan dago). Barneko hoditik ur-lurruna pasatzen da, eta kanpokotik
ur hotza. Lurruna, hoztutakoan, kondentsatu egiten da, eta haren egoera aldatzen; horren ondorioz, ur likido bihurtzen da,
eta beste ontzi batean berreskuratzen. Horrenbestez, nahastea bereiz dezakezue, eta osagai likidoa (ura) berreskuratu; solidoa
(gatza), berriz, hasierako ontzian geratuko da.
Hemendik egokitutako irudia: http://fraymachete-fq.blogspot.com/
2008/11/destilacin-simple_13.html
Azken jarduera egin baino lehen, kontsultatu aurkezpen
honetan nahasteak bereizteko beste metodo batzuk eta osatu jarduera hau: Lotu.