Orientabideak
ORIENTABIDE METODOLOGIKOAK
1. jarduera. Nahaste-motak bereiztea (homogeneoak eta heterogeneoak), egun batean jandako elikagaien azterketan
oinarrituta (saio bat)
Jarduera hasteko, aurreko egunean jandako elikagaien zerrenda egin behar dute ikasleek, gosarian, bazkarian,
askarian eta afarian zer jan duten zehaztuz. Bai jandakoa bai edandakoa kontuan hartu behar dute, eta funtsezkoa da jangai
guztiak jasotzea.
Ikasleek egin duten zerrendan bi nahaste-mota bereiztea da jardueraren xedea: homogeneoak eta heterogeneoak.
Ohiko gosari eta bazkari batean jan daitezkeen elikagai batzuen zerrenda dago “Ikaslearen gidan”, bai
eta errezeta bat ere.
Adibide hori abiapuntutzat hartuta, eta galdera batzuen bidez, otorduetako bakoitzean bereiz daitezkeen
osagaiei buruzko gogoeta bideratzen da, faseen kontzeptuari heldu aurretik.
Gero, ikasleek zutabe gehiago jarri beharko dituzte lehenago egindako taulan, eta jandako elikagai bakoitza
nahaste homogeneo eta heterogeneo moduan sailkatu, osagaien eta faseen kopurua adierazteaz gain.
Iradokizunak:
Jarduera honetan, garrantzitsua da ikasleek ulertzea ezagutzen ditugun substantzia gehienak nahasteak
direla benetan. Horretarako, komeni daiteke “ibilbide” bat egitea ikastetxean zehar, edo denon etxeak aipatzea, zenbat eta
zenbat nahaste dauden agerian uzteko: jatekoa ez ezik, prestatzen ditugun beste gauza asko ere nahasteak dira. Nahaste asko
eginda erosten ditugu: maionesa, ozpina, gurina, esnea, galletak, jogurta..., eta beste elikagai askok hainbat osagai eta
gehigarri dituzte. Eguneroko beste zeregin batzuetan ere nahasteak erabiltzen ditugu: hortzetako pasta, ontzi-garbigailua,
burua garbitzeko xaboia, hormetarako pinturak, erregaiak eta abar .
Gelako lanari dagokionez, oso garrantzitsua da soluzio asegabeak baliatzea, solutua disolbatzailean guztiz
disolbatzen dela hartu baita kontuan erabilitako definizioetan; hau da, ez dagoela asetasunik.
Kontzeptu hori ikasgelan lantzeari dagokionez, ikasleek hartu ohi dituzten infusioetako bat adibide gisa
baliatzea proposatzen da, eta infusio horretan gero eta solutu-kopuru handiagoak botatzea (eta ondoren nahasitakoa irabiatzea),
disolbagarritasuna solutu- eta disolbatzaile-kantitatearen araberakoa dela argi uzteko; hau da, soluzioaren kontzentrazioaren
araberakoa.
Disolbatzaile jakin batek solutu bat disolbatzeko duen ahalmena mugatua da. Muga horretatik gora (tenperatura
berean jarraitzen badugu), gehitzen den solutu guztia ez da disolbatzen, eta ontziaren hondoan geratzen da.
Soluzio aseen kasuan, ikasleek esan lezakete osagaiak begi hutsez bereizten direla eta ez direla nahaste
homogeneoak, heterogeneoak baizik. Garrantzitsua da hori argitzea, ez huts eginarazteko.
Azkenik, errezeta batzuk bila daitezke, ikasleek bi nahaste-motak jaso ez badituzte edo osagaiak zein
diren ez badakite erabiliak izateko.
Ondakin. Euskal sukaldaritza, sukaldaritza mediterraneoa eta beste mundukoa.
http://ondakin.com/seccion/recetas
Joan 1. jarduerara.