Orientabideak
ORIENTABIDE METODOLOGIKOAK
2. jarduera. Nahaste heterogeneoak bereizteko metodoak: iragazketa eta dekantazioa (saio bat)
Nahaste heterogeneoak bereizteko bi metodo aurkezten zaizkie ikasleei jarduera honetan: iragazketa eta
dekantazioa.
Iragazketa da gehien ezagutzen dutena, etxean egiten dituzten zenbait prozesurekin erlaziona daitekeelako:
zukua “iragaztea”, pasta “xukatzea” eta abar. Komeni da ikasleei argitzea desberdinak direla baheketa
edo galbahea eta iragazketa, haien funts orokorra bera izan arren. Galbahea zenbait neurritako osagai solidoak bereizteko
erabiltzen da; iragazketan, berriz, osagai bat likidoa da, eta bestea solidoa (esekidura-egoeran egon ohi da).
Ondoren, dekantazio-metodoa aurkezten da: nahaskorrak ez diren likidoak bereizteko balio du, eta likidoek
dentsitate desberdina izateaz baliatzen da. Olioarekin eta urarekin egingo duten esperimentuaz gain, ardogintzako dekantazioa
aipa daiteke, metodo horren bidez bereizten direlako muztioak eta ardoak.
Ikasleek, ondoren, bi esperimentu erraz egin behar dituzte bi metodoak erabiltzeko.
Iragazketan, harea eta ura bereizi behar dituzte iragazpapera erabiliz; dekantazioan, olioa eta ura.
Bi esperimentuak errazak dira, baina komeni da ikastetxeko laborategian egitea, ikasleak tresnak erabiltzera ohi daitezen,
eta laborategietako lan-ohiturak berengana ditzaten.
Bideo eta oharren bidez dokumentatu behar da prozesua bi esperimentuetan. Azken jardueraren zatietako
batean, esperimentuaren bideoak proiektatuko dira, eta haiei buruzko iruzkinak egin beharko dituzte hartutako oharrak erabiliz.
Garrantzitsua da azpimarratzea prozesu guztiak dokumentatu behar dituztela laborategian, den-dena jasotzeko.
Iradokizunak. Harea eta ura nahastean, garrantzitsua da harea ahalik meheena izatea, eta
gehiegizko kantitaterik ez botatzea; lehendabizi, nahastea bereizteko, eta, ondoren, ikasleek bereizketa-prozesua ebaluatzeko.
Olio- eta ur-nahastearen kasuan, dekantazio-inbuturik ez badago, “etxeko” bat egin daiteke web-orri honetako
jarraibideak kontuan hartuta:
http://centros5.pntic.mec.es/ies.victoria.kent/Rincon-C/practica2/pr-53/PR-53.htm
Baheketa ere lant daiteke. Etxetik iraztontzi bat ekartzeko eska dakieke, eta, adibidez, arroza eta harea
bereizteko.
Joan 2. jarduerara.